AGOITZ-SANTA BARBARA(1022 M)-AGOITZ

sta_barbaraZarikietako Mendebaldeko muturrean harrotutako haitzari dagokio, antza denez, Santa Barbara izena (“Santa Barbara haitza” aipatzen da zenbait lekutan), baina Ekialderago dagoen beste muino borobil bat jotzen da bestetan (Juan Mari Feliu-ren “Montes de navarra” berrian esaterako) tontor nagusi bezala, garaiagoa, nabarmenagoa eta errazagoa delako seguraski. Izan ere Santa Barbara haitza nabarmena da Iparraldetik begiratuz gero, baina Hegoaldetik begiratuta, ez da ikusi ere egiten amildegira bertara heldu arte. Itoizko urtegiaren sorrerak gainera Iparraldeko isurialdeko ohiko bideak itxi edo zaildu egin ditu eta orain bide erabilienak Hegoaldetik, Agoitz aldetik datoz.

Nolanahi, buzoia haitz honetan dago, ezpel eta sastrakaz inguratua, eta ez da erraza bertara heltzea, gora-behera gutxiko eremua baita. Badira han hemenka zinta eta harripila bakan batzuk (2007/08), baina horiek ez dira aski bidearekin asmatzeko (GPSa edo iparrorratza komenigarri).

Aipatutako beste muinoa metro batzuk gorago heltzen da eta gainean duen porlanezko eraikin batek koroatzen du (suteen kontrolerako postua omen). Sastrakadia bakanagoa da eta arazorik gabe hel daiteke Zarikietako bizkar guztia zeharkatzen duen pista zabaletik.

Zalantzak areagotzeko, Katalogoan jasotako koordenatuak hirugarren gain bati dagozkio, aipatutako hauek baino Ekialderago dagoena. Seguru jokatzeko hirurak igotzea beste erremediorik ez dago.

Gainontzean inguru bakartia da Zarikietako gain alde hori, eta nahi beste luzatu daiteke ibilbidea Ekialdera, Zarikieta lehendabizi eta Mendigañara gero, gora-behera gutxiko bizkar luzea ebakitzen duen pista zabalean aurrera edo ezpel eta larre eremuetan zehar ibiliz.

AGOITZ_STABARBARA